Txiribuelta.eus

Handia da India!

Handia da India! Aurten hirugarren aldiz sartu naiz Indiara, eta estatu bakoitzak berezko herrialdea dela ematen du...

Nepalen azken egunak tigre eta elefanteen artean igaro ditugu. Bardia parke naturalean lo egin izan dugu, abandonatutako etxe zahar baten, ez leihorik ez aterik, soilik hormak. Eta horrek ez zuten nahiko ematen horrenbeste karteletan iragarritako tigreetatik salbatzeko. Beraz, kanpin denda barruan muntatu genuen eta listo! Salbu gaude! Mikroia batzuetako oihal zati zeharrargiak denetatik babesten du! Txikitan ohe azpiko munstroez babesteko izara erabiltzen nuen bezala.

Baina honetan, buruarekin solasalditxoa ere izan nuen... Txo! Tigreak? Usain honekin? Ez dira ezta hurbilduko gixajoak.... Bo! Turistak erakartzeko trikimailua besterik ez da izango.... Bo! Ez dute jendea jango, horrenbeste animalia egonda inguruan ezta?


Eta horrela lokartu nintzen, zarata txikienari nuen arreta guztia jartzen. Baina ez, ziren hurbildu, eta hurrengo egunean errepideari ekin genion, kontrola topatu arte... Bizikletekin ezin genuela zeharkatu, tigre asko zeudela eta jendea erasotzen zutela! Eta gu 8 kilometrotara gaua pasatu genuen.... Eskerrak kiratsari, akaso!

Mugara ailegatu, eta bertan, arazoak. Corona birus famatu horrek eragin handia izaten ari da mundu osoan, eta bidaiariok ere pairatzen ditugu efektu kolateralak...
-Where are you in january?
- In Thailand, I think....
Zerrenda begiratu eta Thailandia agertzen zen... oh oh.... baina konturatu nintzen, eskerrak, Myanmarren igaro nuela urte zaharra...
-Sorry, sorry. I were in Myanmar, not in Thailand.

Baina ala eta guztiz ere, 3 ordu pasatu genuen mugan, makako eta turista artean, ixteko ordua ailegatu zen arte. Orduan presa sartu zitzaien eta pasatzen utzi gintuzten!

Eta berriro ere maitatu eta gorrotatzen dudan Indiara bueltatu ginen. Oraingo honetan, Iparraldean, jendea atseginagoa da, alaiagoa, eta ez zait horrenbeste kostatzen ari egunak igarotzea, nahiz eta ahalik eta lasterren India zeharkatzeko asmoa dudan. Gainera, aterpea lortzeko beste estrategia bat jarri dugu martxan. Gurudwara, Sighk erlijioko tenpluak bilatu eta bertan lo egiteko eskatu. Oso ondo daude, normalean hotel merkeak baino hobeto, behintzat logelak dituztenean, eta ez dituztenean ere, beti daukate txoko bat eskaintzeko. Eta janaria ere doan banatzen dute, askotan 24 orduz. Beraz, aukerarik onena dugu hau, eta kozinatzea ere baztertu dugu.... Jartzen duten baldintza bakarra da burua estalita eramatea atetik sartzen zarenetik, eta horrekin zorrotz jokatzen dute. Horren zorrotz zer niri turbantea opari egin didate, eta beraiekin otoitz egitera gonbidatu, eta azkenean egin behar ere...

Eta egun gutxi batzuetan, Rishikesh herrira ailegatu gara, Ganges errekaren bi aldeetan mendi artean zabaltzen den herri bitxia, Holy festibala ikusteko!

Festibal honen berri orain dela urte asko izan nuen, eta liluratu egin ninduen irudietan ikusten ziren irribarreak, koloreak, zirrara, tentsioa, poza.... eta egun baten ikusi behar nuela banekien.
Lehenago 21.Korrikan ere ikusi nuen antzeko ze edozer, eta behin orain dela urte bi Ganesah jainkoaren urteurrenean... baina ez zen Holy. Eta benetan ikaragarria izan dela ikustea herri txiki baten, plaza osoa hartuta, koloreak leku guztietatik, ura balkoietatik, umeak jolasten eta nagusiak ume bihurtzen.... Eta errespetu osoz, gainera. Mundu guztiak hautsak gainera bota aurretik (oso zikinduta ez bazaude sikiera) baimena eskatzen dute, eta keinu lasaigarriak eginez hurbiltzen dira. Ez baduzu nahi, ez dago problemarik, Happy Holy esanez konpontzen da.
Benetan, inoiz aukera baduzue, ez galdu jai hau, baina ez soilik kolore edo dantzagatik, baizik eta ospatzeko eragatik, osotasunean. Pena soilik goizez izatea... labur gelditu zitzaidan, bai!

Bihar, Pakistanerantz bidea hartuko dut, ez zait asko falta, 500 km edo. Eta gogoa dut... baina corona virusa ere hortxe dago, eta mugak itxiko dituzten beldur naiz. Jada bidaiari asko eta asko etxera bueltatu dira, herrialde ezberdinetan itxita ez gelditzeko, eta egunetik egunera entzuten diren berriak ez dira ez lasaigarriak... itxita ez daudenak koarentenak ezartzen dizkiete bidaiariei, eta nola ez, norberak bere poltsikotik ordaindu behar. Behin Pakistanen sartuta, lurrez behintzat ez dago inora jarraitzerik.... Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den, baina! Momentuz, aurrera egitea baino ez dut!!!

Eta zelan ez, oraingo honetan beste matxura bat izan dut bizikletan, aurreko gurpilaren errodamenduak aldatu behar ditut. Egun batzuk daramatzat itzelezko zaratarekin, baina orain arteko bidean ez zegoen konpontzerik.... Gaur baina, lortuko dudala badakit (edo hori espero dut!) Eta horrela, arrebak esan zidan bezala, bizikleta berriarekin bueltatuko naiz azkenik!

Hemendik aurrera... auskalo!!!