Txiribuelta.eus

Kirgizistan (II) Narynetik Osheraino

Batzuetan ez da erreza izaten bidaiak azaltzea. Nondik nora mugitu, herri, leku eta mendien izenak aipatzen ditugu, eta distantziak, pisuak eta altuerak kontutan hartzen ditugu. Eta bai, danak du garrantzia, irudiak barne, bidaia bat partekatzen duzunean ahalik eta zehatzen, eta ahalik eta gertuen sentiarazteko. Eta batzuetan ez da erraza izaten. Baina oraingo honetan ere bagoaz…

Narynera ailegatu ginen, mendietan hainbat egun igaro ostean, eta gu zein gure bizikletek atseden txiki bat behar zuten (guk gehiago, seguru). Han, gau batez behintzat, goxo egin genuen lo, kanpin dendak muntatu beharrik ere izan gabe. Naryn erreka (eta inguruari ere izena ematen diona) egun batzuetan izan genuen bidaia lagun, goxo maldan behera. Eta burua garbitzeko ere aukera eskaini ziguna. Baina oraingoan, behintzat, dutxa goxo bat eta bertako jakiekin prestatutako afaria izan genuen sari. Eta merezita genuen, bai!

Izatez, bagenekien hurrengo egunetan ere mendian gora tokatuko zitzaigula, eta ez xamur gainera. Herrialde honek zeozer baldin badu, mendi lepoak, mendiak eta igoerak dira! Eta faltan, zelan ez, tunelaren bat edo beste! Jejeje Harrigarria bada ere, ez dakit zein egunetan konturatu nintzen herrialde osoan ez nuela tunel bat bera ere ikusi. Beno, eta porlanezko errepide gehiegi ere ez. Baina horrek, nahiz eta bidea asko zaildu, luzatu eta behar baino motelago eta nekagarriagoa egin bidea, askoz be ederrago egiten du. Eta edertasun horren bila, Son Kul lakurainoko bidea hartu genuen.

Igoerak baina, erakutsiko zigun herrialde honetan berdin duela zenbat kilometrora dagoen leku bat, baizik eta zenbat mendate eta zelako egoeran egongo den errepidea da benetan garrantzia duena. Kontrako norabidean topatutako txirringa bidaiarien abisua bagenuen… asko igo beharko duzue, eta tarteka bizikleta bultzatu behar izango duzue. Errepide txarra da bizikletaz igotzeko eta. Eta hori bera topatu genuen! Kilometro batzuetako igoera, 3, 4 edo 5 km orduko abiaduran. Hobe ez begiratzea gorantza, mendi lepoa apenas ikusten da eta.

Askotan gelditzen, arnasa hartu ahal izateko, beste batzuetan bultzaka, eta beste batzuetan “molinilloak” ematen zuen guztiari eraginez, azkenik ailegatu ginen. Ni lehena, Pontxo atzetik eta azkenik murtziako bikotea. Tartean, errusiar parrandazale nahikotxo, garai bateko furgonetak alokatuta eta guk egindako bide bera minutu gutxi batzuetan eginda. Eta momentu horretan beraiek guk baino gehiago gozatu zutelakoan nago! Askotan zergatik bizikletaz bidaiatu horrenbeste sufritzeko nire buruari galdetzen diot nire buruari. Baina erantzuna beti bera da: bidaiatzeko bizikletaz bidaiatzea baino modu hoberik ez dago!

Han goian ginen, azkenik. Supermerkatuan erositako pasta batzuk jan ostean, oraindik ere kilometro gutxi batzuk genituen lakuaren ertzeraino ailegatzeko. Eta benetan gozatu genuela, suabe suabe landa artean, eta eguzkia bere amarengana lotara joan aurretik erreka garden eta epelean bainua hartu ahal izan genuen. Eta eskerrak. 3.000 metrotan geunden, eta eguzkia ezkutatzearekin batera, tenperatura ere beherantz egin zuen azkar baten. Tirantedun kamisetan ibili eta bat-batean lumadun txamarra eta praka luzeak jantzi behar izan genituen afaldu ahal izateko. Eta afaldu bezain arin, lotara!

Goizean goiz esnatu, eguzkiaren lehenengo izpiekin aurpegia berotu, kanpin dendak eta egin beharrekoak egin ostean, lakuaren iparraldeko ertzerantz habiatu ginen. Yurta kanpamenduak ikusten ziren urrunean, eta zaldiak, zaldi asko.

Asmoa genuen yurtetan zeozer jateko, eta igual aukeran bertan lo egiteko. Baina lo egitearen a berehala baztertu genuen. Han, turista batzuekin topo egin eta yurtan lo egiteagatik kobratzen ari zirena esan zigutenean berehala aldatu genuen iritziz. Hori bai, hamaiketako ederra hartu genuen bertan, eta beste leku batzuetan frogatutako zaldi-esnea eta zaldi-esnearekin egindako edari fermentatua, “kumis” delakoa, beste leku batzuetako “ayran” ezagunaren antzekoa. Eta ogia, bertan momentuan egindakoa. Ikaragarri goxoa eta merkea dena. Eta zelan ez, chai asko eta asko. Guk leku askotan izan hamaiketakoa beraiekin partekatzeko aukera, batzuetan guk eskatuta eta beste batzuetan beraiek eskainia. Eta nahiz eta hizkuntza han oztopo bat den, galdera beti ziren antzerakoak: Nongoak ginen, adina, seme-alabarik ba ote genuen, eta nondik eta nora gindoazen. Beraientzako antza, horri galdera sorta oso garrantzitsua zen, eta nolabait gure “estatusa” edo “bizimodu” eredua irudikatzen zuten gure erantzunekin.

Lakua, berez, leku ikaragarria da, eta jendea yurtetan egotera, lakua ikustera eta zaldiz ibiltzera hurbiltzen dira. Baina guk bagenituen gure burdinazko zaldiak, handik libre ibiltzeko. Eta halaxe egin genuen, lakuaren koloreekin jolasean, murtziar hirukoteak eta neuk ibilbide ezberdinak hartu behar izan genuen arte. Eta lakuaren erdialdean, halaxe gertatu zen. Elkarrekin bazkaldu, azkeneko mahai inguruaz gozatu, eta beraiek Bishkekerantz egiten zuten bitartean, iparralderantz, nik aldiz hegoalderantz, Osh herrirantz. Eta han pentsatuko nuen hortik aurrerakoa.

Despedida gustatu zitzaidan, topatzea bezain naturala izan zen. Jarraituko genuen kontaktuan jakina, eta uste dut hirukote hau berriro ere nonbaiten topatuko dudala. Ez dakit zeinek esan zuen normalean jendeak ez duela behin bakarrik topo egiten bizitzan zehar. Edo halako zeozer...

Orain, lehenengo kilometroak, lakuaren beste muturreraino, topatu behar dudan bidexka bat topatu arte. Eta bitartean, gozatuz. Oso inguru polita da lakua. Eta egun batzuk gelditzeko gogoa ematen duen arren, nire planen arabera egunak faltan ditut eta apur bat estutzea hobe izango da.

Baina presak ez dira bidaia lagun onak. Nahi gabe, eta atzera egin nahi ez nuelako (berandu zen eta argi ordu gutxi nituen) amildegi baten sartu nintzen. 3000 metrotik 1600 metrotara eramango ninduen amildegian. Bizikleta eskuan hartuta, nerbioak kentzeko nire buruarekin hitz egiten, eta gutxitan bidaiatzen gertatu zaidana: beldurtuta. Bizikletak arrastatzen ninduen ni aldapan behera, eta behin baino gehiagotan lurrean bukatu nuen, bizikleta eta alforjekin batera.

Baina azkenik, eta asko sufritu ostean, ailegatu nintzen ordura arte oso errepide txarra iruditzen zitzaidana, baina momentu hartan munduko errepiderik lau, xume eta goxo iruditu zitzaidan.

Sustoa oraindik barruan nuelarik, maldan behera, azken eguzki izpiekin batera, yurta bat topatu nuen, eta hor bai, ohea eta afaria hartu nuen, ez nuen inolako asmorik, pasatutako pasatu ostean, ez denda muntatzeko ez afaria egiteko. Merezita nuen!

Hortik aurrera, Osherainoko bidea gora behera asko (ez literalki baina) barik egin nuen, eta Osh herrian egun pare bat emango nituen, hurrengo egunetako bideak nondik eramango ote ninduen argitu arte behintzat