Montañas Vacias 2020

Montanas vacias 2020....

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 

Irailaren hasieran, eta Indiatik bueltan, Ziordian 15 egunetako itxialdia egin behar izan genuen hiru bidaiariok.... Hor, hitz egin, bapo jan, asko edan, kirol pixka bat egin.... eta bidaien inguruan solasaldi asko izan genituen. Horien artean 2020an modan jarri den Montañas Vacias delako ibilbidea egin behar genuela erabaki genuen. Erakargarria egin zitzaigun proiektua, oso ondo azalduta, oso txukuna, eta ezezaguna eta bakartia den lurralde bat ezagutzeko asmoa ematen duena. Ba esan eta egin... Irailaren hasieran agendak koordinatu eta Teruelerantz joan ginen.

Bidaiatzeko orduan nik ez dut oso gustuko dena begiratzea, prestatzea eta neurtua izatea. Nahiago dut mapa begiratu, eta bidaiatu ahala inprobisatzea. Eta bidaia Martuki eta Alvaro Rodamundurekin egin behar nuenez, ba beraiengan jarri nuen nire konfiantza osoa.... beraiei gustatzen zaie dena begiratzea, mapak aztertzea, ura,janaria, indarrak neurtzea... Baina hara sorpresa! Hirurak batu ginenean konturatu ginen bakoitzak gauza bera pentsatu zuela, hau da, ondokoak begiratuko zuela. Eta hor geunden, errepidean, Teruelerantz, inolako plan barik... Baina batzuetan, plan hoberena planik ez izatea da!

Egia esan, abiatu ginenean apur bat defraudatu gintuen bideak.... marroia, begetaziorik gabekoa, mendi gabekoa.... Teruel bera! Baina laster aldatu zen kontua, eta liluratzen hasi ginen. Arroilak, herri txikiak, aldapan gora eta behera, basoak, errekak, aintzira eta putzuak.... ingurua benetan erakargarria eta bizikletaz bidaiatzeko merezi duena. Aipagarriena, guk ikusitakoaren artean, Tajo ibaiaren arroila... Ur garden gardena baso artean, eta honetan bai, hutsik, apenas jenderik topatuko duzu egun oso baten.

Guk, hirurok, bidaiatzeko era antzerakoa dugu.... gutxi gastatu, kalean lo egin, eta ahal den bezain autonomoen. Horretarako, kanpin dendak eraman genituen, eta ahal izan genuenean aterpe libreetan era gaua pasatu genuen.

Ondo moldatu ginen Montañas Vacias egiten, filosofia antzerakoa dutenen artean elkar ondo ulertzea eta gustura egotea erraza baita. Eta jada esperientzia genuen elkarrekin: itxialdi bat elkarrekin pasatu genuen, eta hori gainditzen duenak, kanpoan erraz asko moldatuko da!!!!

6 egunez bakarrik egon ahal izan ginen. Izan ere, denboraz estu zebilen bakarra neu nintzen, eta ibilbide osoa egiteko (hainbat aukera dauden arren) egun askotxo behar dira, 1.700 kilometro baino gehiago direlako. Tajo ibaiaren arroilatik atera ginenean, erabakia hartu behar genuen, eta denboraz estu genbiltzanez, Gazteluen bidea hartzea erabaki genuen, Teruelera bueltatzeko. Ez da aukara txarra! Baina guri inguru basatiak gustatzen zaizkigu, beraz, eguraldi ona eta beroa (gauak hotzak dira eta) bueltatzen direnean, gu ere bueltatu beharko gara, zeharkatu barik utzi genituen bideak ezagutzeko!

Laster, ia laster den, bidaiatzeko aukera izango dugu berriro ere. Bitartean, irudimenarekin izan beharko da...

Alvarori omenaldia!

 

 

 

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak