India 2018

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Ba horixe... Ziordian gaudela 3 bizikleteroak.... Hona zelan ailegatu gara baina? Risihkesh herrian harrapatu ninduen itxialdiak, eta egun batzuk geroago Nafarroan bukatu dugu.

Aipatu bezala, azken egunak bertan ezagututako Alvaro “Rodamundu”rekin, kirola, yoga, kozinatzen.... eta argazkilaritza eta bidaien gainean hitz egiten eman ditugu. @Rodamundu bidaiari eta pertsona aparta da. Eskarmentu handia du, bizitzan, bidaiatzen eta argazkilaritzan, eta hirurak nirekin partekatu nahi izan zituen, hasieratik. Eskerrak ematea baino ez zait gelditzen. Bidaia honek - eta birus honek – gauza onak izan ditu, eta Alvaro ezagutzea horietako bat izan da.

Egunak joan eta egunak etorri, 10 bat egun eman genituen bertan, enbaxadarekin harremanetan, etxekoekin hitz egiten, gosariak prestatzen... enbaxadakoek azkeneko aukera bat eman ziguten arte. Bagenuen autobusa eta hegaldia bi egunetan Madrilera bueltatzeko. Zalantza askorekin buruan, baina, etxera bueltatzea erabaki genuen hirurok. Baina Alvaro azkeneko 14 urte Gasteizen eman dituen arren, enbaxadak ez zuen gure egoera berean jarri nahi, eta ez zion ez autobusa ez hegaldia eskaini, bakarrik Espainiako pasaportea genuenontzako aukera baitzen. Eta hor sutu nintzen. Edo guztiok batera, edo ez goaz inora, zu autobusean sartuko zara bai edo bai! Eta hor sare sozialen boterea ikusi ahal izan nuen. Alvarok “istorio” bat egin zuen Instagramen, eta geuk partekatu genuen, eta partekatzeko eskatu ere... eta hurrengo egunerako dena konponduta zegoen, eta lekua bermatzen zioten, autobusean, Cervantes Institutuan antolatutako aterpea, eta hegaldia gurekin batera.

Eta horra abiatu ginen. Bizikletak desmuntatzean hasi zitzaidan gainbehera... bidaia guztiz amaitutzat ematen nuen. Triste jarri nintzen, bizikletari piezak kentzen nizkion bitartean... baina, zer demontre! Gu guztiok ondo gaude, etxekoak ere berdin, lagunak nituen zain eta besarkadak eman eta jaso eta betiko irribarreak ikusteko gogoa banuen. Bidaia bat planeatzen duzunean, ez dakizu inoiz zelakoa izango dan, eta kasu honetan are gehiago.

Geroago Cervantes Institutuan abisatu ziguten... bizikletak ezin izango genituela gurekin eraman. Eta hori zen gure ardurarik handiena. Ezin nuen bizikleta galdu! Ortuellan ere behar nuen, ez nuen irudikatzen horrenbeste abenturaren ostean han utzi behar izatea. Zorionez, Jadek (ezagututako italiar neska jatorra ) eta Alvarok gure alforjak fakturatu zituzten eta geuk soilik bizikletak, eta horrela bizikletak sartu ahal izan genituen hegazkinean! Eskerrak!

Madrilera ailegatu eta berehala Gasteizerako trena hartu genuen, gero Alvarok duen pisu huts batera joateko. Jende askorekin ibili izan gara, eta inorekin elkartu aurretik nahiago izan dugu borondatezko 14 eguneko itxialdia egitea, badaezpada. Bidean, baina, natura bere baitan ezagutu ahal izan dugu. Landa, eremu zabalak, orduak... trenetik ikusten zen dena. Eta dena hutsik, gizakirik ez! Arraroa baina era berean, ederra.

Orain, egunak lau hormen artean igarotzen ari gara. Hilabeteak kanpin dendan, naturan eman ostean aldaketa nabarmena da. Baina ohitzen hasiak gara jada. Eta galdutako kilo guztiak berreskuratzen ari gara, etxeko sukaldaritzan aritzen garen bitartean. Ez da gutxi arroza eta dilistak hilabeteetan jan ostean!

Eta bidaiatzen jarraitzen dugu... solasaldi gehienak horren gainean baitira, bakoitzak bizi izandakoa gogora ekartzen. Bidaiak hiru aldiz gozatzen dela diote: prestatzen duzunean, bidaiatzen duzunean, eta oroitzen duzunean. Orain, hirugarren hori gozatzea tokatu zaigu. Eta gozatzen ari gara norberaren kontakizunekin....

Laster, etxerako bidea hartuko du bakoitzak, eta berriro ere istorio artean gozatuko dugu, familia eta maite dugun jendearen artean...

 

 

 

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Kaixo lagunok...
Aspaldi blog honetan ez nuela idazten, eta azkeneko egunotan honen inguruan bueltaka aritu naiz. Benetan merezi du orain artekoa kontatzen jarraitzeak? Jendeak badu buruan gauza garrantzitsuago batzuk: lagunak, familia, egunerokoari aurre egitea, itxialdia, lana...

Baina azkenik erabaki dut baietz, azkeneko sarrera ez, baina bidaiaren azkeneko kapituluak idatzi behar nituela, zuek nirekin hasi zineten bidaia hau egiten, eta elkarrekin bukatzea justuena dela deritzot. Beraz, goazen lagunok....

Azkeneko sarreran  bidaia bertan bera gelditzeak zer ekarriko lidakeenaren gainean idatzi nuen... ba halaxe izan beharko da, izan ere jada ez dago aukerarik bidaia jarraitzeko, eta etxera bueltatzea zentzudunena dela konbentzituta nago. Eta buelta eta buelta asko eman dizkiot buruari, ezin nuen onartu horren erraz ez jarraitzeak suposa zitzakeena. Baina errealitatea burugogorra da gero!
Punjab estaturantz abiatu nintzen bakarrik, kilometroak “irentsi” nahi nituen, ahalik eta lasterren Pakistanera pasatzeko asmoarekin, Indiak muga guztiak guztiz itxi baino lehenago.
Baina Chandigarh hiriburuan gelditu behar nintzen egun batzuk, bizikletari hainbat konponketa egiteko, geroago Pamir eta Karakorum errepide gogor eta isolatuetan sartu aurretik.
Hiriburura ailegatu nintzenean baina, oso zorte txarra izaten ari nintzela uste izan nuen. Izan ere, ordurarte lo egiteko erabilitako Gurudwaretan ez ninduten hartzen, hasiera baten jaialdi edo ospakizun bat zela aitzakia erabilita. Eta aukera gehiagorik ez nuenez, hostel eta hoteletara jotzea erabaki nuen, bizikleta denda on bat topatu ostean.

Baina, hosteletan galdetzen hasi, eta kontu bera... guztietan erantzun bera: “the hostel is full, sorry sir”. Lehenengoetan sinistu banuen ere, 5.etik aurrera zalantzatan hasi nintzen. Ez zen posible guztiak beteta egotea.... Eta azkenean egia jakin nuen. Ez zuten turistarik nahi. Ez atzerritarrak behintzat. Eta horrela pasatu nituen 4 ordu eta 25 hostel eta hotel baino gehiago. Guztietan jarrera beldurtia edota erasokorra, harrera gunetik ahalik eta lasterren kaleratzen.
Azkeneko aukera bezala, berriro ere Gurudwara batera jo nuen, eta honetan bai, geldi nintekeela, arazo barik. Iepale! Salbatuta nago azkenik!
Baina pasaportea erakutsi, eta ezezko borobila, beste leku batera joateko. Eta hor egoeraren larritasunaz jabetu nintzen!.

Orduan, etsita, bizikletarekin ibiltzen nintzen bitartean, kanpin denda jartzeko leku bila hasi nintzen. Baina lekurik ez. Hiri handi moderno karratuan lekurik ez akanpatzeko.
Bidean, hiritik ateratzeko asmoarekin nihola, ordurarte ikusi gabeko hotel bat ikusi nuen. Benga, azkeneko saiakera, Asiertxo! Eta honetan bai, hartu ninduten! Harrerako mutila bidaiaria zen ere, eta nire egoerarekin jabetu zen. Ulertzen ninduela eta laguntzeko prest agertu zen. Hori bai, formulario luze bat bete behar izan nuen, gero poliziari eta hospitalari helaraziko ziotena.

Berdin zitzaidan, hor gelditu behar nintzen! Eta halaxe egin nuen. Hotelean abegitsuak eta atseginak izan ziren, baina kalera ateratzen nintzen bakoitzean jendearen jarrera, ordurartekoarekin konparatua behintzat, guztiz kontrakoa zen. Ez zen inor hurbiltzen, urrundu egiten zitzaizkidan, edo eskua edota kamiseta aho eta sudurraren gainean ipintzen zuten nirekin hitz egiteko, distantziak mantenduz. Beraien artean ez, baina nirekin bai. Eta serio arduratzen hasi nintzen!
Horrela pasatu nituen egunak, 6 guztira, paseotxo laburrak ematen eta leku berberetara janari eta edari bila joaten. Azkenean erabaki nuen iparralderantz egitea, Dharamshalara, bizikleta dendan utzita, eta egunak probestuko nituelako asmoarekin. Baina bertan kontaktatutako wharmshower batek abisatu ninduen... Dharamshala itxita zegoen turistentzat, eta bertan zeudenak kanporatu zituzten beste herri batera. Uala!!!! Planak berriro aldatu behar. Aurreko hostelera bueltatu nintzen eta Rishsikeshera bueltatzea erabaki nuen. Bertan Martuki zegoen yoga ikastaroak egiten, eta turista komunitate handia dago. Babesa behar nuela uste nuen, bertako egoera ikusita. Eta egun horretan lehenengo ministroak herrialde osoa egun bakar batez “itxiko” zutela jakinarazi zuen. Niri horrek ez zitzaidan oso normala iruditu eta orduan bai, bizikleta hartu, autobus bat bilatu eta bueltatu behar, ahalik eta azkarren, gainera.

Autobusean lekua hartzeko komediak.

Bertakoek erabiltzen duten autobusa hartzea erabaki nuen. Eta jendez gainezka zegoen. Mundu guztiak beraien etxetara bueltatu nahi zuen. Hauek nik ez dakidan zeozer jakin badakite!
Hindu guztien artean, bultzakadak, jendea leku guztietatik kolatzen... ostia, azkeneko autobusa da hau. Eta neuk hartu behar dut. Orduan, nire alde hinduena atera nuen eta neu ere hasi nintzen beraiek bezala, bultzaka eta jendea oztopatzen.... Eta lortu nuen azkeneko lekua! Uuuuufaaaaa....

Joan behar nintzen lekutik 30 kilometrotara utzi behar ninduen autobusean jada lasaiago nengoen. Behintzat ailegatuko naiz, azkenik! Ordu txikietan ez dute kontrolik jarriko. Goizeko 3etan ailegatu nintzen, bizikletan montatu eta egin beharreko 30 kilometro horiek egiteko indarberrituta nengoen! Banoaaaa....

Kontrola topatu arte.... turista nintzela ikusi eta ezetz, ezin nintzela pasatu, saiatzeko hurrengo egunean nahi banuen, baina ez nintzela pasatuko. Ez nuen amore eman nahi. Horrenbeste denbora, buelta... 20 kilometrotara gelditzeko? Ez! Eta han ibili nintzen, polizia batekin, bestearekin, berriro lehengoarekin, jefearekin... baina alperrik. Denbora luze eman nuen bertan. Azkenean, polizia batek ulertu zuen ez nintzela joango, edota pena eman nion, edo aspertu nuen... edo batek daki, baina jefea begiratzen ez zegoen bitartean, keinu bat egin zidan eta neuk ez nuen birritan pentsatu. Argi barik eta ahal bezain azkar, alde egin nuen atzera begiratu barik!
Aurrera jarraitu nuen eta beste 3 kontrol topatu nituen, baina ez nintzen gelditu. Ahal izan nuen bezala pasatu nituen, kamioi bati pega-pega eginda, aldapan behera abiadura hartuta.... eta azkenean ailegatu nintzen.
Aitortu behar dut ez nuela ondo pasatu. Eta nire burua kale gorrian eta bakarrik ikusi nuen behin baino gehiagotan, baina azkenean nahi nuen lekura ailegatu nintzen. Martari  egoera guztia azaldu nion, eta hurrengo egunetako egoerarekin arduratuta nengoela, inoiz baino gehiago gainera.
India berez oso herrialde gogorra da, eta Punjaben jasotakoa oso present nuen.
Orain, Alvaro Rodamundurekin hostel baten nago, beste 2 turistekin, eta bertako yoga irakaslearekin batera. Ondo gaude, seguru, eta momentuz bermatuta dugu egonaldia eta janaria. Eta gure kabuz kirola egiten dugu, sukaldean ibiltzen gara eta horrela pasatzen ditugu egunak, itxialdian.
Baina informazio eza erabatekoa da. Españako enbaxadarekin harremanetan jarri gara, Indiatik ateratzeko, baina momentuz kasurik ere ez. Egun batetik bestera arauak aldatzen dituzte. Eta zuek jada ikusiko zenuten telebistan, baina polizia gogor oldartzen da kalean topatzen dituztenekin. Baina herri honetan behintzat, soilik turistak kolpatzen dituzte.

Hegaldiak apirilaren 14ra arte bertan behera utzi dituzte, baina uztailaren 1a arte ere luzatu nahi omen dute. Eta itxialdia horrenbeste luzatzen badute ere, egoera asko okertu daiteke, batez ere bertakoak ez garenontzako...
Momentuz, pazientzia izatea baino ez zaigu gelditzen, eta ahal bezain ongi pasatzea datozen egunotan...

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Herrialde hauetan, baina, bizitza eta erlijioa batera doaz, eguneko zeregin guztietan, jarreretan, ekintzetan.... onerako zein txarrerako. Beste era batera bizi dute, eta hori ikusten da bazter guztietan, goizaldetik gaua arte!
Sighk erlijioa kuriosoa da, batez ere dituzten ohiturak... beraien artean dituzten “apaingarri erlijiosoak”. 5 dira guztira

  • 1- Ez dute inoiz ilea mozten
  • 2- Burua beti estalita eraman behar dute (lo egiteko ere)
  • 3- Labana moduko bat eramaten dute gerrian eskegita, beraien burua edo hirugarren bat batesteko
  • 4- Eskuinean, metalezko eskumuturra daramate
  • 5- Gizonek, galtzontzilloak (bai, ondo irakurri duzue)


Azkenik hirugarren egunean atera ahal izan naiz, baina ahul, indar barik. Eta kostata ailegatu naiz hurrengo gurudwarara... honetan zorte askorik ez dut izan, eta obretan zeuden arren, “logela” bat eskaini didate gaua pasatzeko. Eta euria berriro!

Eta horrela eman ditut egunak, euriarekin dantzan, begi bat errepidean eta bestea zeruan, noiz botako zuen zain, Punjab estatuko hiriburura ailegatu naizen arte. Honaino etorri naiz bizikletak konponketa serioak behar zituelako. Pieza batzuk ordeztu behar nituen, eta ez dago modurik hemen topatzeko, beraz, dendaz denda joan naiz galdetzen, eta azkenean batek lortu ahal zizkidala esan dit... baina sorte apur batekin bakarrik.... eta hemen sartzen da hemendik aurrera izango den gure aktore nagusia.. Korona birusa!
Bai,  behar ditudan piezak eskatu ahal dituzte, baina mugak itxita daude, eta ez dakite noiz jasoko dituezten edo jasoko ote dituzten. Baikorra izan behar, eta osteguna arte itxoin beharko! Ba horrela egingo dut!
Dendariarekin hurrengo egunerako hitzordua jarri ostean, gurudwarara joan naiz aterpe bila.... baina lehenengo aldiz, ezetza jaso dut. Ezetza borobila. Atzerritarrik ez! Not allowed. Saiatu naiz arrazoia ulertzen, baina ez didate ezer azaldu nahi izan. Baina argi dago. Pasaportea española dut, eta zerrenda beltzean dago, Iran, Italia, Txina eta Korearekin batera.

Aukerarik ez, eta hotelaren bila joan naiz. Ordaindu beharko, hau hiriburua da eta akanpatzeko aukerarik ez dago. Eta hotelen erromesa egin dut. Guztietan gauza bera, baina oraingoan aitzakiarekin. Hotela beteta dagoela. Bakar baten izan da egia, gainontzekoetan argi zegoen lekua ba zutela, baina beldurrahasieratik aurpegian ikusten zen . Bertako gobernutik zirkularra jaso dute, adi egoteko atzerritarrekin. Eta ez dute arazorik nahi. Neurri handi baten normala, jakinda bertako osasun sistema zelakoa den...

25 hoteletan galdetu ostean, baten hartu naute. Harreran zegoen mutila bidaiaria ere, eta ulertzen zuen egoera, eta nire desesperazioa agerikoa zen. Hamaika bider eskerrak eman ostean logelan sartu naiz, sentsazio ikaragarria txarrarekin... Hiri handi baten, aterpe barik, 4 orduz bueltaka leku batetik bestera, app-en bitartez egindako erreserbak zelan atzera zelan botatzen zidaten ikusten... en fin....
Baina atsedenaren ostean sentsazioa goxoagoa da. Hori da bidaiatzeak duena, dana ondo dagoenean ederki, aske, zoriontsu... baina gauzak okertu daitezke berehala, orain gertatzen ari den bezala.

Zuek, Euskal Herrian, konfinamendua duzue. Gu hemen aldiz ez (ezinezkoa litzateke Indian), baina muga guztiak itxi zituzten orain dela egun batzuk, eta gauza bera asiako herrialde guztietan.
Orain bidaiatzeak zalantza handiak sortzen dizkit. Batetik, ia segurua ote den leku batetik bestera mugitzen egotea, herrialde batetik bestera, seguruena etxean gelditzea denean. Baina badaki bizikletaz bidaiatzen dugunok abantaila batzuk ere baditugula. Normalean herri txikietatik ibiltzen gara, ez dugu garraio publikoa hartzen eta jende asko dagoen lekuetatik aldendu egiten gara (gehienetan).

Bestetik, etxera bueltatzeak ematen duen ezinegonak. Jakin badakit hemen eta orain bidaia bertan behera geldituko balitz, ez dudala aukerarik izango berriro ere bueltatzeko. Ez behintzat oso epe luzean. Eta gainera, lehenengo bidaia luzea beti da lehenengoa... eta hori ez da errepikatzen...
Baina orain zeinek jakin zelakoa izango den hemendik eta aste batzuetara egoera, ezta? Adierazle gehienen arabera, oso luzarora joko duela ematen du, eta nik aukera bakarra, Pakistanera sartzeko. Baina pasatzen utziko baninduten ere, handik ez dago ateratzerik, ez behintzat bizikletaz....

Beno, ikusiko da. Momentuz ondo nago, inguruan ditudanak ere ondo zaudete, eta hori da orain garrantzitsuena. Gainontzekoa, datorrena datorrela.

Oraingo honetan, argazki askorik ez dudanez, hortxe duzue lagun jipi batek bidalitako abestia. Nahiz eta gasteleraz izan, hemen jartzea merezi duela uste dut!

BESARKADA BAT ETXEAN ZAUDETEN GUZTIOI!
Eta lanera joan behar duzuenoi, jakina!

 

 

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Handia da India! Aurten hirugarren aldiz sartu naiz Indiara, eta estatu bakoitzak berezko herrialdea dela ematen du...

Nepalen azken egunak tigre eta elefanteen artean igaro ditugu. Bardia parke naturalean lo egin izan dugu, abandonatutako etxe zahar baten, ez leihorik ez aterik, soilik hormak. Eta horrek ez zuten nahiko ematen horrenbeste karteletan iragarritako tigreetatik salbatzeko. Beraz, kanpin denda barruan muntatu genuen eta listo! Salbu gaude! Mikroia batzuetako oihal zati zeharrargiak denetatik babesten du! Txikitan ohe azpiko munstroez babesteko izara erabiltzen nuen bezala.

Baina honetan, buruarekin solasalditxoa ere izan nuen... Txo! Tigreak? Usain honekin? Ez dira ezta hurbilduko gixajoak.... Bo! Turistak erakartzeko trikimailua besterik ez da izango.... Bo! Ez dute jendea jango, horrenbeste animalia egonda inguruan ezta?

Ta horrela lokartu nintzen, zarata txikienari nuen arreta guztia jartzen. Baina ez, ziren hurbildu, eta hurrengo egunean errepideari ekin genion, kontrola topatu arte... Bizikletekin ezin genuela zeharkatu, tigre asko zeudela eta jendea erasotzen zutela! Eta gu 8 kilometrotara gaua pasatu genuen.... Eskerrak kiratsari, akaso!

Mugara ailegatu, eta bertan, arazoak. Corona birus famatu horrek eragin handia izaten ari da mundu osoan, eta bidaiariok ere pairatzen ditugu efektu kolateralak...
-Where are you in january?
- In Thailand, I think....
Zerrenda begiratu eta Thailandia agertzen zen... oh oh.... baina konturatu nintzen, eskerrak, Myanmarren igaro nuela urte zaharra...
-Sorry, sorry. I were in Myanmar, not in Thailand.

Baina ala eta guztiz ere, 3 ordu pasatu genuen mugan, makako eta turista artean, ixteko ordua ailegatu zen arte. Orduan presa sartu zitzaien eta pasatzen utzi gintuzten!

Eta berriro ere maitatu eta gorrotatzen dudan Indiara bueltatu ginen. Oraingo honetan, Iparraldean, jendea atseginagoa da, alaiagoa, eta ez zait horrenbeste kostatzen ari egunak igarotzea, nahiz eta ahalik eta lasterren India zeharkatzeko asmoa dudan. Gainera, aterpea lortzeko beste estrategia bat jarri dugu martxan. Gurudwara, Sighk erlijioko tenpluak bilatu eta bertan lo egiteko eskatu. Oso ondo daude, normalean hotel merkeak baino hobeto, behintzat logelak dituztenean, eta ez dituztenean ere, beti daukate txoko bat eskaintzeko. Eta janaria ere doan banatzen dute, askotan 24 orduz. Beraz, aukerarik onena dugu hau, eta kozinatzea ere baztertu dugu.... Jartzen duten baldintza bakarra da burua estalita eramatea atetik sartzen zarenetik, eta horrekin zorrotz jokatzen dute. Horren zorrotz zer niri turbantea opari egin didate, eta beraiekin otoitz egitera gonbidatu, eta azkenean egin behar ere...

Eta egun gutxi batzuetan, Rishikesh herrira ailegatu gara, Ganges errekaren bi aldeetan mendi artean zabaltzen den herri bitxia, Holy festibala ikusteko!

Festibal honen berri orain dela urte asko izan nuen, eta liluratu egin ninduen irudietan ikusten ziren irribarreak, koloreak, zirrara, tentsioa, poza.... eta egun baten ikusi behar nuela banekien.
Lehenago 21.Korrikan ere ikusi nuen antzeko zeozer, eta behin orain dela urte bi Ganesah jainkoaren urteurrenean... baina ez zen Holy. Eta benetan ikaragarria izan dela ikustea herri txiki baten, plaza osoa hartuta, koloreak leku guztietatik, ura balkoietatik, umeak jolasten eta nagusiak ume bihurtzen.... Eta errespetu osoz, gainera. Mundu guztiak hautsak gainera bota aurretik (oso zikinduta ez bazaude sikiera) baimena eskatzen dute, eta keinu lasaigarriak eginez hurbiltzen dira. Ez baduzu nahi, ez dago problemarik, Happy Holy esanez konpontzen da.
Benetan, inoiz aukera baduzue, ez galdu jai hau, baina ez soilik kolore edo dantzagatik, baizik eta ospatzeko eragatik, osotasunean. Pena soilik goizez izatea... labur gelditu zitzaidan, bai!

Bihar, Pakistanerantz bidea hartuko dut, ez zait asko falta, 500 km edo. Eta gogoa dut... baina corona virusa ere hortxe dago, eta mugak itxiko dituzten beldur naiz. Jada bidaiari asko eta asko etxera bueltatu dira, herrialde ezberdinetan itxita ez gelditzeko, eta egunetik egunera entzuten diren berriak ez dira ez lasaigarriak... itxita ez daudenak koarentenak ezartzen dizkiete bidaiariei, eta nola ez, norberak bere poltsikotik ordaindu behar. Behin Pakistanen sartuta, lurrez behintzat ez dago inora jarraitzerik.... Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den, baina! Momentuz, aurrera egitea baino ez dut!!!

Eta zelan ez, oraingo honetan beste matxura bat izan dut bizikletan, aurreko gurpilaren errodamenduak aldatu behar ditut. Egun batzuk daramatzat itzelezko zaratarekin, baina orain arteko bidean ez zegoen konpontzerik.... Gaur baina, lortuko dudala badakit (edo hori espero dut!) Eta horrela, arrebak esan zidan bezala, bizikleta berriarekin bueltatuko naiz azkenik!

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak