Kanbodia

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta

Kanbodian lehenengo aldiz egon naiz. Eta kontraesan handiak ditut nire buruan...
Alde batetik, jendea maitagarria da,oso. Irri egin eta automatikoki aurpegia pizten zaie beraiei ere, irribarre zabal eta argiarekin. Bestetik, herrialde txiroa, zikina, plastikoz betea eta bat ere zaintzen ez dutena. Eta asko edaten dute, batez ere gizonezkoek -inguruko herrialdeekin konparatuta behintzat- Arazorik ez dut izan herrialde osoan, soilik arazo mekanikoak bizikletarekin, eta laguntzeko arin beti agertu da jendea. Berdin izkina baten edo nonbait gelditzen bazara... beraiek hurbildu egin dira galdezka, ia zeozer behar ote nuen edota laguntza eskaintzen...

Herrialdera sartu nintzenean atentzioa eman zidan lehenengo gauza errepideak izan ziren. Porlana errepide nagusian soilik (eta ez beti) eta gainerakoak hauts gorrixkaz beteak. Imajina dezakezue, eguna bukatzerakoan azala, arropa, aurpegia... dena hautsez betea, eta bizikleta eta alforjak gauza bera.
Bigarrena, emakumeak izan ziren... ia guztiak pijamarekin ibiltzen dira egun osoan zehar. Oso pijama koloretsuak jantzita, makillajea aurpegian, eta horrela ibiltzen dira. Bertako moda izango da, baina ziur nago ezin erosoagoa izango dela!
Eta hirugarrena, umeak izan ziren. Hunkitu egiten dira "Farang" bat (turista bat) ikusterakoan, eta irri zoragarriekin agurtzen zaituzte ia beti.
Iparraldetik sartu nintzen herrialdean eta horrela jarraitu dut Siem Riep-eraino, eta Angkor Wat ikusi ostean iparralderako bidea jarraitu dut, Thailandiarantza. Tartean, tenpluen konplexu ikaragarri handiak ere bisitatu ditut. Baina behintzat garai honetan inguru honetan ez dago gauza askoz ere gehiago. Harriak, irriak, eta egunsenti eta ilunabar ikaragarriak. Baina hemen oso oso goiz esnatu behar zara egunsentiak ikusteko. Eta niri goiz altxatzeak ez dit onik egiten, eta bakarrik egun pare baten ikusi ditut, Angkor Waten biak ere. Ilunabarrak baina, askotan bidean ikusi ditut, eta horrek bai gozatu egiten ditudala.

Bidean txirrindulari nahikotxo ikusi ditut, Siem Riep-etik Vietnamgo Ho Chi MIn hiriraino ibilbidea egiten dutenak. Lehenengo herrian txirrindula alokatzeko denda asko daude eta Vietnamen bukatu ahal duzu egun batzuetako ibilbidea. Ideia bikaina! Biziki gogoan dut Holandar bikote bat, adinekoak biak, eta bereziki alaiak eta ezagutu bezain pronto gustora sentitzen zaren hoietakoak. 50 kilometrotan zegoen hostel bakarrean elkartu ginen, eta afari eta solasaldi polit bat elkarbanatu genuen.

Egun gutxi batzuk izan dira, eta gauza asko eta asko gelditu zaizkit ikusteko, egon naizen lekuetan ere, baina Thailandiara igarotzeko gogoa nuen. Kilometro asko egin ez ditudan arren, eta kostaldera hurbildu ahal izan naizen arren, muga zeharkatzeko gogoa banuen... etxetik gertuago sentitzeko akaso.

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak