Nepal

Egun lasai batzuk Katmandun igaro ostean, eta geldi egoten ez dakidanez, Phokararako bidea hartu dugu. Warmshower aplikazioaren bitartez topatutako australiar bikotearekin eta bertan gu bezala beste bi lagunekin agurtu ostean, bizikletak hartu eta pedalei eragiten hasi gara.

Bidea lasaia, menditsua, eta gozatzeko aukera ematen duena, nahiz eta trafiko nahikotxo dagoen. Gozatzen ari nintzen, zinez! Pedala apurtu zaidan arte. Pedala puskatu da, inolako zentsurik gabe, eta ejea puskatuarekin jarraitzen saiatu naiz, baina ezinezkoa! Bizikletak pisu gehiegi du horrela ibiltzeko. Teknologia berriei esker, Juani (Laferroko jabeari) idatzi ahal izan diot, eta berehala erantzun ere, eta konpontzeko instrukzioak bidali dizkit ziztu bizian (Mila esker, txo!) Baina alperrik, ez dago modurik bere lekuan jartzeko, ejea bera puskatu egin delako... Eta bizikleta dendarik ez inguruan. Arratsaldea gainera etorri zaigu, eta gertu zegoen erreka handi baten ertzean aterpea muntatu eta errekan “dutxa” arin bat hartu ere.

Hurrengo egunerako erabakia hartu dugu afaldu bitartean... autobusa hartu behar dugu bai edo bai, Phokara herriraino. Han bizikleta denda asko badaude, eta pedalen bat izango dute nireak ordezkatzeko...

Goizean goiz, errepidera hurbildu eta ailegatu den lehenengo autobusean suertea izan dugu... Phokararaino eramango gaitu, merke (apur bat regateatu ostean, beti bezala).

Phokara herria ezagutzen nuen, eta aldatu den arren ezagunak egin zaizkit txoko, bazter, kale eta dendak.... Eta denbora aurreratu dugunez autobusa hartzen, egun batzuk eman ditugu bertan, Annapurnetako kanpo basera joateko eguraldi onaren zain... baina beti ez dugu suerte ona gero. Lainoa eta lainoa egunero, goizetik gauera! Eta nahiz eta ibilaldi txiki bat egin dugun, ez ditugu ikusi maite ditudan mendi koxkorrak....

Bitartean ere, Euskal Irratiak-en solasalditxoa izan dut. Gustatu zait asko elkarrizketa honek sortu didan zirrara berezia. Munduko beste puntan egonda, nire herritik Euskal Herriko beste puntan dagoen irratian elkarrizketa izateak badu sustrai berezia. Euskara munduan barna, eta Euskal Herriko txoko guztietara hitzak zabalduz. Egin izan dizkidatenean, etxekoak eta lagunak ez ditut abisatzen (lotsak ez dit uzten eta), eta horrela izan da oraingo honetan ere, baina Abanto eta Zierbenatik Ederrek entzun izan du zuzenean, autoan zegoela antza, eta audioa bidali dit. Irrati hori badu autoan jarrita gidatzen duenean eta. Biba zu, Eder! Bizkaiko meatzetatik ere, euskarak badu etorkizuna gero! Jarrai dezagun bidean!

Beraz, eta egin beharreko guztiak eginak ditugunez (azkenik badut Pakistanera sartzeko visadoa!) bidera atera gara, hego-mendebalderantz joateko asmoarekin.

Herria zeharkatu behar genuen, eta bertan kontu pare bat erosi ere... Diamox, Pakistango Karakorum bidean altuerako gaitzaren sintomak arintzeko pilulak eta giltzarrapo berri bat (giltza nonbait utzi dugu eta)... Pilulak, OK! Giltzarrapoa... ezin topatu! Hemen ez dituzte gehiegi erabiltzen, lapurretak ez dira ohikoegiak eta.... denda bat... beste bat.... eta bat-batean atzeko frenoak huts egin dit. Presioa galdu du guztiz. Azken egunotan olioa apurka apurka galtzen ari zela nabari dudan arren, ondo zebilen... orain arte. Ia, hau ez da horren erraza izaten konpontzen, eta berri batzuengatik diru gehiegi eskatzen dute!

Baina azkenik denda txiki baten (ematen du hoberen funtzionatzen dutenak horiek direla azkenik) frenoa purgatu didate eta badabilela ematen du.... behintzat aste batzuetarako izango dut. Bitartean, bidean jarraitu beharko dut noizean behin berrien bila, edo Myanmarren topatu nuen mekaniko fenomenoaren parekoa!

Orain bai, bagoaz!

Ba ez, euri zaparrada hasi da bizikleta hartu bezain pronto. Eta arratsaldera arte botatzen jarraitu du. Ba beste egun bat Phokaran! Ai, ene! Ez gara hemendik aterako azkenean?

Hurrengo egunean, azkenean bai, goizean goiz esnatu, eta hosteleko sarreratik.... Fishtail mendi punta! Euriak lainoa eraman du eta oskarbi dago zerua! Himalaiak hor daude, begi bistan!

Zalantzatan ibili gara... baina eguraldiaren iragarpena ez da oso ona. Beraz, bizikletak hartu, eta Peace Pagodara igo gara. IKUSPEGI EDERRAK! Mendi koxkor elurtuak, herria, aintzira... dena ikusten da!!! Minutu bakar batzuk izan badira ere, hor daude, gure begien aurreran, eta gure buruan eta bihotzetan luzarorako. Lagun batek, Patxik, urte gehiegi ema zituen mendietatik urrunduta, eta berarekin gogoratu naiz. Egunen baten ekarri beharko dut bera hona, hainbeste maite dituen eta amestu izan dituen mendiak aurrez aurre ezagutzeko!

Eguna berehala joan zaigu, Peace Pagodara igotzeko denbora asko eman dugu eta. Jaitsieran aterpe bila hasi gara, eta Ashram baten galdetu dugu. Bertan logela bat eskaini digute, afaria eman eta beraiekin tartetxo bat partekatu ahal izan dugu. Monje bakarra dago tenpluan, eta monje emakume nahikotxo, haurrekin batera. Goizean goiz alde egin nahi genuen, kilometro batzuk egiteko. Bagenekien mendian gora eta behera ibili beharko ginela, eta presa genuen. Horregatik penaz erantzun behar izan diegu bertan bazkaltzeko gonbita egin digutenean.

Eta horrela jarraitu dugu, tenplu batetik bestera, ikaragarrizko arroiletatik behera, altuera galtzen, egunez bizikleta gainean eta gauez aterpe bila, azkeneko egunotan, gabetan, euri zaparradak etengabekoak izan baititugu.

Atzo, beste tenplu txiki bat topatu eta leku paregabea zela uste genuen. Baina, ondoan, 10 metrotara, ezkontza baten ospakizuna zegoen. Bai, ez zen ez ezkontza bera, baizik eta ospakizun modukoa, emaztegaiaren etxean, dantza eta janaria, ordu jakin batzuetan batzen dira, gehienak emakumeak, eta dantzan eta nolabaiteko bat-bateko kantu moduko batzuk botatzen, bertsolarien erara. Eta hor hartu gaituzte, parrandan eta aterpea eskaini ere. Eta eskertu dugu, benetan!

Gaur, esnatu eta balkoira atera naizenean hor ikusi ditut gizonak, lapiko handi handietan sukaldatzen, antza ezkontzarako, bertan ospatuko dute eta. Eta oraingoan ere, bertaratzeko gonbiteari uko egin behar izan diogu... egunak badoaz aurrera eta ez dugu denpora gehiegirik jada Nepal zeharkatzeko. Eta Lumbini herria ezagutu nahi genuen, Budha jaio zeneko lekua. Gertu geundenez, aukera aprobetxatu nahi genuen... Baina hemendik bazabiltzate, benetan ez duela merezi, ez du ezer berezirik. Ez behintzat ezpaduzu sinisten jainko et profetetan... Leku handia, guztia obretan, tenplu eta pagoda asko dituena, baina danak berri xamarrak, eta interes handirik gabekoak. Neuk jasa tenplu handi eta txiki asko ezagutu ditut, eta bertan lo egin ere. Eta bakar batzuk izan ezik, gehienek ez didate arreta askorik deitu...

Baina pozik nago! Indiatik gero eta gertuago (Nepaldarren izaeran ere igertzen da gero!) nago, eta Kaxmir dut zain, lehenago Bardia parke naturala bisitatu eta ia tigreren bat ikusteko aukera dudan. Hori bai, urrunetik!

Eta sarreran aipatu dudan bezala, bidaiaren ekuadorra gainditu dut, ia! Mapan begiratuta oraindik ere urrun nagoela ematen duen arren, ia 6 hilabete joan zaizkit ziztu bizian gainera. Atzera begiratuta, Hong-Kong ez zait horren urruna iruditzen. Denbora arin doa gozatzen ari zarenean....

 

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Orain dela zazpi urte Nepal ezagutu nuen, Annapurnetako trekkinga egiteko asmoarekin. Bidaia bukatu zenean, eta jendeak ia gustukoa izan ote nuen galdetzen zidanean, beti erantzun bera botatzen nuen: Badakit bueltatuko naizela inoiz, noiz ez dakit baina.

Eta hemen nago, Katmandun berriro ere!
Bangladeshetik Indiako Siliguri herrira berehala ailegatu ginen, mugatik oso hurbil dago eta. Eta Darjeelingera bisitatxo bat egiteko aukera ere bagenuenez, probestu egin genuen! Oraingo honetan, baina, 4x4 baten, bizikletak eta alforjak, egun batez behintzat, atzean utzita.

Darjeeling ospetsua da, besteak beste, liburu eta pelikuletan agertzeagatik, eta izen bereko te ospetsua ekoizteagatik. Eta benetan merezi duela bisitatzeak. Mendi artean dagoen herrixka, Himalayetako budismoa gordetzen duen Indiako ingurua. Eta Budismoa eta Hinduismoa batera ulertzeko beste modu bat ere, hortxe baitago bi erlijioak batera duen tenplua, bakoitzak bereari eta bere erara otoitz egiten, elkarren ondoan.

Tren bitxi bat ere badago, txikia, ikatzaz dabilena. Eta oraindik ere erabiltzen dutena, baina bakarrik turistentzako, eta ez lanerako, garai baten bezala.

Eta bertatik ere Canchenjunga mendia ikus daiteke. Ez da ez garai hoberena ikusteko, lainoak herria inguratzen duelako, baina ostarte bat zabaldu eta ikusteko aukera izan genuen, laino artean.

Eguneko atsedenaren ostean eta bueltatzeko 5 orduko bidaiaren ostean, berriro ere bizikletak hartu eta Nepalera!

Segi beherago irakurtzen....

NEPAL

Eta oroitzapenak etorri zaizkit, egunak pasatu ahala... hizkuntza, ohiturak, janaria, usainak... baina momentuz mendirik ez, hegoaldetik sartzen ari gara eta txirrindulariei “horrenbeste” gustatzen zaizkigun goranzko errepide lau luzeak diren arren, erosoa da hemendik ibiltzea. Eta segurua... behintzat seguruago aurreko bi herrialdeak baino.

Eta kanpatzeko arazorik ez! Denda edonon jartzeko aukera dago, erreken ondoan, edota baso txiki baten erdian, edota elefanteen gogoko lo lekuan! Egun baten, landa batzuen erdian, leku polit bat ikusi genuen kanpatzeko... ba hementxe! Esan genuen... baina inguruko baratzetatik jendea hurbildu zitzaigun.
-No, you can’t sleep. Problem! Elephants sleep here! They come at nigth! Go, go!. Hara!!!! Elefanteen gustu bera dugu lo lekuei dagokionez behintzat!

Ale, ba kanpin denda berriro gorde, eta gertu zegoen dorre txiki batera lo egitera. Gauean baina, elefanteen arrastorik ez. Parrandan ibiliko ziren, edo beste nonbait egingo zuten lo. Baina elefante basatiak ikusteko aukera berak zirrara sortzen du... bitartean, eta zain geunden bitartean, hainbat animalia ikusi ahal izan genituen, azeriak, txoriak, bufaloak... Parke natural batetik oso gertu ginen antza.

Hurrengo egunetan, kanpin denda jartzeko arreta gehiago jarri genuen. Ez dugu nahi arazorik elefanteekin eta! Eta gauero eta goizero sukaldatu, eta patxadaz ibili ahal izan gara... istripua izan arte!

Istripu txikia izan zen. Motor batek Marta  manilarrean kolpatu zuen eta lurrera bota zuen. Susto bat besterik ez, baina lekurik lasaienean ere adi egon behar zarela gogorarazi ziguna. Nepal lasaia da, segurua... baina istripuak istripuak dira, eta edonon gerta daitezke. Eta halakoetan, normalean, txirrindulariok eramaten dugu saria... Beraz, eta badaezpada, gertu zegoen hospital batera hurbildu, pomadatxoa hartu, eta lotara.

Ta hurrengo egunean, normala zenez, atsedena hartzeko unea heldu zela adostu genuen, eta Katmandura joateko minibus bat hartzea erabaki dugu. Orain, Katmandun, australiar bikote baten etxean, atsedena hartzen, turismo apur bat egiten, eta Tamel, motxileroen auzo ospetsuan diru apur bat gastatzera. Nire lo zakuak zituen luma guztiak bidean utzi ditu antza, eta hemendik aurrera mendia (eta suerte apur batekin elurra) izango dugu zain.

Eta bitartean, MENDIAN ERE EUSKARAZ ekimenarekin bat egiteko bideotxo bat ere grabatu ahal izan dut... kostata, baina lortuta!


Ah! eta igual ez dizuet kontatu... baina laugarren parrila ere topatu behar dut!!!!

Hemendik aurrera... auskalo!!!

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak