Nepal

Zergatik bidaiatu?

Sarrera hau ezohikoa izango da bloga jarraitzen duzuenontzako, seguruenik. Bidaiaren gainean ez da. Behintzat ez pasadizorik, ez lekurik, ez loturarik, ezta argazkirik ere ez. Orduan, zertarako idatzitakoa irakurri? Ba bidaia bat leku batetik bestera joatea baino sakonagoa delako, eta behingoagatik bada ere, sakonago arituko naiz. Edo behintzat saiatuko naiz.

Kontu berarekin buruan bueltaka egun batzuk daramat... zergatik bidaiatu? Badakit erantzun arina, hori aspalditik dakit... mundua ezagutu, jendea, kultura, ohiturak, erlijioak, lagunak.... Mundua zabalegia da bizitza bakar baten zatitxo bat sikiera ikusteko... Baina erantzun sakonago bat ere badago, nire ustez, baina oraindik ere ez dut asmatu zein den...

Bidaiatzen hasten zarenean, gustukoa baduzu behintzat, ez dago gelditzerik, eta hankak leku baten lotuta izaten saiatuko bazara ere, burua eta arima bueltaka ibiliko dira, irudiak eta oroimenak bilatzen, norberaren barne-barnean, azken aldiz sentitutako sentsazio goxo (edota gazi) hori berriz dastatu nahian. Ezin da ekidin. Gertatzen dan gauza bat da.

Eta egia da, batzuk etxera bueltatuko garela ziur bagaude ere, beti duzu galderatxoa hor... Etxera? Benetan? Mundua ederregia da, ez galdu aukerarik!

Baina, zer gertatzen da bidaia irauten duen bitartean? Askok galdetu (beste batzuk ziurtzat eman ere) halako bidaia luzeak norbera bere burua bilatzeko erabiltzen dela, hausturaren bat gertatu denean edo nahi ez duzunarekin hausteko... Nire kasuan, batzuen harridurarako, ez da ez bata ez bestea izan. Bidaiatzea maite dut, eta abenturak bizi, egunerokoa zelakoa izango den jakiterik ez dagoen lekutan aurrea hartu gerta dakiokeenari eta aurrera egin, pozez... Horregatik bidaiatzen dut. Nor eta zelakoa naizen badakit, bidaiatzen edo etxean telebista aurrean egonda ere berbera. Eta ezin nahiz gehiegi kexatu.

Baina egia da bidaia bakoitzean ikasi dudala, gutxi batzuetan, askotxo gehienetan.... jende oso ezberdina topatu dut, bidaiariak, bertakoak, turistak... eta horrek ere aldarazi egiten zaitu, eta bidaia hasi nueneko pertsona bera izango naizen arren, badakit gauzak “mugitu” egingo zaizkidala, eta bueltan egokitzapenak beharrezkoak izango direla

Mugituko dira bai barrutik, bai kanpotik. Izan ere bidaiatzen duzunean zurekin ere bidaiatzen dute batzuek: ezagunek, lankideek, lagunek, gertukoenek, familiak.... eta beraiek ere aldatzen dira, ez bidaiagatik beragatik, baizik eta denborak horrela agintzen duelako. Bidaiariak, neuk behintzat, bueltan gauzak utzi nituen bezain ondo, behintzat, topatzea espero dut. Eta askotan leku berean egotea espero dugu. Mugitu barik. Hori egia izango ez dela badakidan arren....

Batzuk, bidean gelditzen ari zaizkit, gauza bat dela edo bestea dela, berdin dio arrazoiak.
Baina amorrua ematen du, bai, ezin ezer egitea, ezin besarkada bat ematea edota begietara begiratzea, edo azkeneko barre batzuk elkarrekin botatzea. Edo azkeneko hitzak ezin esatea edo entzutea. Eta gogorra da gero. Oso.

Sei hilabete igaro dira gaur justu eta espero dut hurrengo sei hilabetetan sortutako hutsune horiek gero eta gutxiago izatea. Edo behintzat utzitako hutsuneak sortzen duen sentimendua baretzea. Hor betiko egongo dan arren. Eta ditudan oroitzapenekin zein sortuko direnekin samurtzea, orbanak denborarekin bezala. Baina hori ere ez dela egia jakin badakit.

Momentuz, bizikleta gainean oreka mantentzen saiatuko naiz, askotan lurraren kontra egiten dudan arren. Bizitzan legez!

 

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak