Nepal

Risihkeshetik Ziordiara....

Ba horixe... Ziordian gaudela 3 bizikleteroak.... Hona zelan ailegatu gara baina? Risihkesh herrian harrapatu ninduen itxialdiak, eta egun batzuk geroago Nafarroan bukatu dugu.

Aipatu bezala, azken egunak bertan ezagututako Alvaro “Rodamundu”rekin, kirola, yoga, kozinatzen.... eta argazkilaritza eta bidaien gainean hitz egiten eman ditugu. @Rodamundu bidaiari eta pertsona aparta da. Eskarmentu handia du, bizitzan, bidaiatzen eta argazkilaritzan, eta hirurak nirekin partekatu nahi izan zituen, hasiera batetik. Eskerrak ematea baino ez zait gelditzen. Bidaia honek - eta birus honek – gauza onak izan ditu, eta Alvaro ezagutzea horietako bat izan da.

Egunak joan eta egunak etorri, 10 bat egun eman genituen bertan, enbaxadarekin harremanetan, etxekoekin hitz egiten, gosariak prestatzen... enbaxadakoek azkeneko aukera bat eman ziguten arte. Bagenuen autobusa eta hegaldia bi egunetan Madrilera bueltatzeko. Zalantza askorekin buruan, baina, etxera bueltatzea erabaki genuen hirurok. Baina Alvaro azkeneko 14 urte Gasteizen eman dituen arren, enbaxadak ez zuen gure egoera berean jarri nahi, eta ez zion ez autobusa ez hegaldia eskaini, bakarrik Espainiako pasaportea genuenontzako aukera baitzen. Eta hor sutu nintzen. Edo guztiok batera, edo ez goaz inora, zu autobusean sartuko zara bai edo bai! Eta hor sare sozialen boterea ikusi ahal izan nuen. Alvarok “istorio” bat egin zuen Instagramen, eta geuk partekatu genuen, eta partekatzeko eskatu ere... eta hurrengo egunerako dena konponduta zegoen, eta lekua bermatzen zioten, autobusean, Cervantes Institutuan antolatutako aterpea, eta hegaldia gurekin batera.

Eta horra abiatu ginen. Bizikletak desmuntatzean hasi zitzaidan gainbehera... bidaia guztiz amaitutzat ematen nuen. Triste jarri nintzen, bizikletari piezak kentzen nion bitartean... baina, zer demontre! Gu guztiok ondo gaude, etxekoak ere berdin, lagunak nituen zain eta besarkadak eman eta jaso eta betiko irribarreak ikusteko gogoa banuen. Bidaia bat planeatzen duzunean, ez dakizu inoiz zelakoa izango dan, eta kasu honetan are gehiago.

Geroago Cervantes Institutuan abisatu ziguten... bizikletak ezin izango genituela gurekin eraman. Eta hori zen gure ardurarik handiena. Ezin nuen bizikleta galdu! Ortuellan ere behar nuen, ez nuen irudikatzen horrenbeste abenturaren ostean han utzi behar izatea. Zorionez, Jadek (ezagututako italiar neska jatorra ) eta Alvarok gure alforjak fakturatu zituzten eta geuk soilik bizikletak, eta horrela bizikletak sartu ahal izan genituen hegazkinean! Eskerrak!

Madrilera ailegatu eta berehala Gasteizerako trena hartu genuen, gero Alvarok duen pisu huts batera joateko. Jende askorekin ibili izan gara, eta inorekin elkartu aurretik nahiago izan dugu borondatezko 14 eguneko itxialdia egitea, badaezpada. Bidean, baina, natura bere baitan ezagutu ahal izan dugu. Landa, eremu zabalak, orduak... trenetik ikusten zen dena. Eta dena hutsik, gizakirik ez! Arraroa baina era berean, ederra.

Orain, egunak lau hormen artean igarotzen ari gara. Hilabeteak kanpin dendan, naturan eman ostean aldaketa nabarmena da. Baina ohitzen hasiak gara jada. Eta galdutako kilo guztiak berreskuratzen ari gara, etxeko sukaldaritzan aritzen garen bitartean. Ez da gutxi arroza eta dilistak hilabeteetan jan ostean!

Eta bidaiatzen jarraitzen dugu... solasaldi gehienak horren gainean baitira, bakoitzak bizi izandakoa gogora ekartzen. Bidaiak hiru aldiz gozatzen dela diote: prestatzen duzunean, bidaiatzen duzunean, eta oroitzen duzunean. Orain, hirugarren hori gozatzea tokatu zaigu. Eta gozatzen ari gara norberaren kontakizunekin....

Laster, etxerako bidea hartuko du bakoitzak, eta berriro ere istorio artean gozatuko dugu, familia eta maite dugun jendearen artean...

 

 

 

Niri buruz

Kaixo, Asier naiz, eta Hong-Kongetik Ortuellara bizikletaz joateko asmoa dut. Lehenago beste bidaia batzuk egin ditudan arren, hauxe beste kontu bat da!
AEKn  azken 13 urtetan ibili eta gero, urtebete hartu dut amets bat betetzeko.
44 urte ditut, eta Ortuellan dut etxebizitza. Bizilekua, momentuz ... bizikleta!

Azkeneko berriak