Txiribuelta.eus

Luang Prabang, gero arte...

Luang Prabangeri, agur esateko mementoa heldu da. Bihar goizean ekingo dizkiot Laoseko hiriburua den Vientianeraino ditudan 380 kilometroei.
EgunĀ  batzuk herri txiki bitxi honetan eman ditut, Urederraren antza hartu diodan ur jauzi eta iturburu ederra bisitatu ditut, baita bertan bainoa hartu ere. Bertako merkatu eta bazarretan bueltaka ibili naiz, Mekong ibaiaren ertzean ilunabarra ikusi dut eta behar nuen atsedena hartu dut. Baina gaixotu egin naiz baita ere. Kalean bazkaltzeak baditu arrisku batzuk eta bidaia guztietan gaixotzeko ohitura txarra hartu dut... dena ez da ona izango eta!

HEmengo gaueko merkatuetan badago bufet libre moduko bat, non platerra goraino bete ahal duzun 2 euroren truke, eta bapo jaten den. Baina janaria ez da egin berria eta horrek kalte egin zidan... Baina hortaz aparte badaude zuku, koko pastelak, benetako ogia, oilaskoa, arraina... denetarik eta momentuan egiten dutena. Aukeran, hori hobea, seguru!

Egun pare bat jan barik eta ohetik jaiki barik eman ostean berriro ere martxan hasi naiz, eta Kuang Si ur jauzietara bizikletaz hurbildu naiz, oraingo honetan alforja barik eta bidea patxadaz egiten. Leku ederra benetan, eta turistaz josita topatu ahal den arren, goizean goiz hurbiltzen bazara naturaz benetan gozatu ahal dela hainbat tartetan. Ura urdin kolore bizikoa ematen du, ondoak dituen mineralak direla eta. Urederra ezagutzen duzuenok ideia bat egin ahal duzue, baina hauek askoz be luzeagoak eta ikusgarriagoak dira. Eta bidean tximeleta, suge, eta animalia bitxiak topatu ahal dira!
Baina egunak arin joaten ari zaizkit hemen eta naiz eta oraindik gauza asko ditudan hemendik ikusteko, aurrera egitea erabaki dut. Visa 30 egunetarako dut, eta oraindik ere 1.300 kilometro ditut Kanbodiaraino... Ezin naiteke horretan pentsatzen egon, askotan buruak haiek baino arinago joan nahi du, baina ikasten nabil... gaur hemen, bihar, bideak erakutsiko dit...eta seguru nago bide ederrak topatuko ditudala. Badut gogoa berriro ere alforjekin ibiltzeko!