Txiribuelta.eus

Urte-berri on Baganetik!

Euskaldunok urtea agurtzeko mendira joan ohi gara. Neuk ere halaxe egin dut azkeneko urte batzuetan, behintzat aukera izan dudan guztietan.  Aurten, baina, bizikleta gainean tokatu zait urte zaharrari agur esatea eta berria agurtzea.

Bagan herria aukeratuta, Naypyitaw hiriburutik errepide txiki batetik egun pare bat eman ditugu. Hiriburuko errepide erraldoietatik herrixkak zeharkatzen duen errepide zaharra estu batetik ibili gara, egurrezko gurdietan ibiltzen diren nekazariak aurreratuz edo gurutzatuz... eta beti Mingalaba agurra eta irribarrea opari moduan. Hemen bizimodua sinplea da, beraien lastozko etxeak bezalakoak.

Goizean goiz jaiki, baratzera joan, eta, orain behintzat, lastoa batu eta etxe ingurura eraman. Arroza jasota eta lehor dago, eta hemendik behintzat ez dago landatutako gune askorik. Kotoia landak ere agertzen dira noizean behin, baina ez gehiegi ere.

Bidean, zeremonia budista baten (sararazi hobeto esanda) eta ezkontza baten ere. Hemen ospakizun guztiak antzekoak dira. Dekoratutako karpa bat, musika belarriak eztanda arazteko bolumenean, eta janaria, sinplea baina barra-barra. Eta gizon bizardun-altu-zuri-belarritakodun izanda, berehala hartzen zaituzte besotik, eta behi  eta berriro janaria eskaini eta beraiekin jesartzeko gonbita. Neuk aldiz, argazkiak egiteko aprobetxatzen dut aukera (gero norberari helarazten dizkiodanak, jakina), eta janaria eskuratzeko ere. Benetan goxoa egiten dituzten platerak! Baina ez imajinatu guk ezagutzen ditugun ezkontza otorduak bezalakoak, ez. Hemen arroza, zopa, eta gauza gutxi gehiago. Hori bai, gose ez zara izango!

Azkenik, urte-zahar egunean Bagan herrira ailegatu, eta ziztu bizian ilunabarra ikustera hurbildu gara. Herri honetan ehunka pagoda handi zein txiki daude, eta benetan ikusgarria dela ilunabarra eta egunsentia. Pagodak ikusteaz gain, horretara dator hona jendea eta. Ikusi ikusi dugu, baina arnas-estuka, bueltatxo bat eman behar izan dugu eta! Turistek 20 dolar ordaindu behar dute herrira sartzeko... eta ohitura bihurtu da sarrera horiek ez ordaintzea... Money goes flying! 

Ilunabarra ilusi, argazkiak atera, saiakera baino ez den izan eskatutako bideo bat... eta afaltzera!
Hemen ez dute urtea orain agurtzen, eta beraientzat egun guztiz normala da. Eta holaxe igaro dut neuk ere. Arroza afaldu, garagardo bat hartu, eta kanpin denda muntatzeko leku bila ibili ostean, pagoda baten ondoan zegoen zuhaitz baten azpian kokatu gara. Aparteko kontu bakarra izan nuen, Euskadi Irratiko Hiri Gorria saioan elkarrizketatxo bat, bigarrenez. Eta oraingo honetan Gabonak zelan igaroko nituen galdetzeko. Hementxe elkarrizketa

Elkarrizketa egin eta lotarako prest eta lo gure, nekatu xamarra... eta urtea halaxe joan zaigu. Eta urtea agurtzeko, goizeko 5etan esnatu eta egunsentiaren bila! Ez da ez, ikusi dudan politena, urte berria laino artean agertu zaigu eta! Baina hurrengo egunerako kokapen batzuk ikusi ditugu. Beraz, urtarrilaren 2an izan beharko da!

TXIRIBUELTATIK, URTE BERRI ON, LAGUNOK!

Hemendik aurrera... auskalo!!!