Zelan bukatu behar da bidaia bat? Noiz bukatzen da? Hegazkina hartu orduko, lanera bueltatu orduko?... Aurreko bidaietan, Txiribuelta baino lehenago, argi nuen erantzuna. Etxeko atea zabaldu bezain laster! Orain aldiz, apur bat nahasiagoa iruditzen zait. Bueltatu naiz, etxean nago. Baina ez naiz etxean bezala sentitzen. Oraindik ez bederen.
Kontatu nizuen banuela hitzordu bat, garrantzitsua, Istanbulen. Goremen nengoen, hango bazterrekin liluratuta, baina gauez bidaiatu eta Goreme eta Istanbul artean dagoen distantzia gau bakar batean egin nuen. Arraroa da hori ere. Bizikletaz, Istanbuletik Goreme herriraino 25 egun eman genituen bizipen eder askorekin gainera, eta gau bakar baten eta apenas konturatu barik bueltan nengoen. Baina pozik.
Gilenek aurrera jarraitu du, ez bakarrik (behintzat berak horrela esanda!). Gogoz gelditzen naiz, zelan ez, elkarrekin kilometro gehiago egiteko, eta Ararat mendi tontorrean atera beharreko argazki hori... beste baten izan beharko du! Zeuk bidea ikasi, eta gero zure agendatxo horretan dena apuntatu, ni hurrengo baten joan ahal izateko! Zinez poztu nauela zu ezagutzeak. Eta esan ohi duten moduan, bizitzak birritan elkartzen zaitu beti. Beraz, seguru nago berriro ere bidean elkartuko garela.
Istanbulen, zorionez, Idorekin egoteko aukera aprobetxatu ahal izan dut. Bera baitzen nire hitzordua. Bere planak utzitako denbora libre apurrean elkarrekin egon eta Istanbul pixka bat hobeto ezagutzeko aukera ere izan dugu, eta bere lagunen eskutik meskita, terraza... ezagutu ditugu. Baita guztiok gustukoa genuen txokotxo baten afari on eder batekin agurtu ere. Idori, 6 astez bolondres lanak egiten egon ostean, etxera bueltatzeko ordua heldu zaio. Eta niri neuri ere. Bada garaia etxera itzultzeko. Horrela sentitu dut barruan eta horrela egin dut, buruari asko eragin barik gainera.
Beraz, ustekabean, hau da, bai, nolabaiteko agurra. Jada lanean laster hasiko naiz, jada betiko bizitza arruntera bueltatuko naiz, eta betiko oroimenean izango dut azken bi urte hauek. Eta ez bakarrik nire amets batzuk bete ahal izan ditudalako, edo pandemiaren urtea izan delako, ez.Uste baino gehiago ikasi dudalako, uste baino gehiago aldatu naizelako, eta espero ez nuen arren, gauza asko nire baitan lekuz mugitu direlako... Baina ez, hori ez dut idatziko. Ez dut gaitasunik aldaketa hori azaltzeko. Ez dakit ere betiko mugitu ote diren, edo bidaiaren eta eszedentziaren ajea pasatzen denean dena berriro ere bere lekura bueltatuko ote den. Zeinek jakin gero...
Badut baina, gauza bat oso argi. Bidean lagun asko agertu dira. Asko eta garrantzitsuak. Ez nuen uste horrela izango zenik... eta bihotzez eskertzen dizuet. Beste batzuk, ordea, agurtu ahal izan barik betiko joan dira. Hor daukat pena handiena. Baina nire erara ere agurtu ditut, memento egokian bakoitza. Baina bizitza bera halakoa da, ezta, lagunok?
Beraz, eta agurra esateko... ama, lasai, tarte batez behintzat etxetik gertu ibiliko naiz!
Azkenengo txiribuelta hau, zuentzat!!