Abuztuan, AEKrekin oinezko ibiltaria egin ostean, uda planifikatzeko momentu heldu zitzaidan. Aurreko urtean Alvaro Rodamendurekin bertan behera utzitako bidaia berreskuratu eta buelta asko eman barik horixe erabaki nuen, Kirgizistan! Aurreko urteko udako plana bertan behera gelditu zenean, sare sozialetan jende askoren berriak jaso nituen, bertan gora eta behera ibiltzen zirela. Eta inbidiak jota nengoen, han ibili nahi nuen, mendi, elur eta hodeien artean. Gainera, ikusten nuen bidaiariek kirgisekin beraien yurtetan (bertako etxe biribilak, leku batetik bestera mugitu ahal direnak, nomadak). Nituen erreferentzia guztiek harantz eramaten ninduten. Eta handik gertu, ondoko herrialdean, Samarkanda, ametsetako lekua... igual hori ere ezagutu ahal nuen!
Baina ideia guzti horiek nire buruan biraka nituen bitartean, bestelako kontu batzuk ere banituen. Bakarrik joan behar nuen, eta urte luzea eta gogorrak barrenak hustuta eta psikologikoki gehiegitxoa izango ote zen galdetzen nion nire buruari. Eta horrela egon nintzen, azeleradorea eta galgak batera zapaltzen. Hegaldia erosi nuen arte!
Egina zegoen... atzera bueltarik ez. Bilbo-Bishkek, 19 orduko bidaia. Bizikleta Laferroko Juanen esku utzi -berak baitaki beste inork baino hobeto bidaiari batek zer behar duen-, nondik ibiliko ote nintzen azaldu, gurpilen kubiertak aldatu, eta kutxan sartu. Ale, banoala!!!
Aireportuan, betiko kontuak.... bizikletagatik ordaintzen ekiditen saiatu nintzen, beti bezala, eta oraingoan erdizka atera zitzaidan. Ordaindu behar nuenaren erdia baino gutxiago ordaindu nuen eta. Hegazkinean sartu, eta Kirgizistan inguruan irakurtzen hasi. Ibilbidea paper gainean diseinatua banuen ere, ez nuen gauza gehiagorik begiratu. Hizkuntza, txanpona, ohiturak.... gainetik errepasatu, azkeneko momentuan Bishkeken hostel merke bat hartu, eta konturatu orduko, neka-neka eginda bertako aireportuan nengoen.
Hostelean, behar nituen kuzinatzeko gasa eta konektatzeko sim txartela eskuratu nituen lehendabizi. Gero supermerkatuan dirau ateratzera joan eta nire lehenengo somekin erosketa xume batzuk egin nituen.
Bazkaldu, lo kuluxka egin eta bizikleta muntatzen hasi nintzen. Han bertan, beste hiru kutxa zeuden, beste hiru bidaiarienak. Kasualitatearen kasualitatez, hiru murtziar bidaiari ziren, eta zorionez apopilo hartu ninduten egun batzuetarako. Gero, uste baino luzeago elkarrekin ibili ginen, beraiek ere ez baitzuten ibilbidea gehiegi prestatuta, eta hor ibili ginen, hiru murtziar eta euskaldun bat Kirgizistanen bideak asmatu eta topatu nahian! Afrikakeke, mariquitillahh eta Pontxorekin bidaiatzea plazer bat izan zen!
Lehenengo “zatia” Issyk kuleraino eramango gintuen, munduko bigarren mendi-aintzirarik handiena dena, Titikakaren atzetik. Bertarainoko bidea, baina, trafiko handia duen errepide nagusi batetik zihoan, eta ahal genuen guztietan ekiditen genuen. Baina lanik gabeko bidezidorrerik ez dago, antza! Errepide nagusia utzita, porlana ere atzean uzten genuen, eta askotan, hezegunetan ere sartu izan ginen. Berandu baina gustura baino gusturago ibiltzen ginen, kotxeen zarata (eta arriskua!) atzean utzita. Eta bide batez, erreketan bainatzeko aukera ere ematen zigun bideak! Bidea ere, kirgis jendearen izaera jator eta abegitsua ezagutzeko aukera izan genuen. Lo egiteko lekuen bila ibili, eta denetarik topatu izan dugu: mezkitak, bere etxera gonbidayzen gaituen jendea, imanak eta abarrekoak (kontu honek aparteko kontakizun bat esaktzen du, eta hurrengo egunetan halaxe egingo dut)
Lakura ailegatuta, beste aldeko mendiak ikusten ziren ur beroaren beste muturrean, Tian Shan mendilerroaren elur, glaziar eta tontorrekin amesten hasi ginen. Amesten eta beldurtzen, handik igarotzen baitzen gure bidea. Han, lakuaren ertzean, afaldu bitartean Tian Shan nondik ibiliko ginen eztabaidatzen ibili ginen. Eta halako kasuetan gertatzen den moduan, kanpoko informazioa batzen hasi ginen: hemendik ez duela merezi, bestetik gogorregia, bestetik errepidea... azkenean, nire hasierako asmoari heldu eta Karakoletik pasatu, eta Barshkooneraino lakuaren ondotik igaroko ginen, gero hautsez eta aldapaz betetako bideari ekin, eta bi egunetan Barshkoon mendi-leporaino igoko ginen, 3.400 metrotan. Hori bai, mendatean gora, kamioien karabanak jan egin behar izan genituen, gorago dagoen urre mehatzera gasolioa, langileak,janaria, tresneria... garraiatzen dute astero astero... eta guri bezala, kamioiei ere kosta egiten zaie mendian gora egitea. Guri baino gutxiago, imajinatzen dut, izatez, guk jaten dugu beraien hautsa, eta ez alderantziz! Baina azkenik... lakuaren beste aldetik ikusten genituen tontorren erdigunean ginen! 3.800 metrotara igo, eta gozatzeko momentua ailegatu da. Naryn ibaiaren ertzetik egun batzuk igaroko ditugu. Eta benetako lehenengo lurtak, eta zaldien artzainak, eta ardi beltzen artaldeak! Ikaragarria! 5 egun mendian, zaldien eta beste txirrindularien laguntza eta bisitak besterik ez genituen. Baina gustura ibiltzen denean, besterik ez da behar, ezta?
Orain, Naryn dugu zain, jaitsiera zabal, luze eta erosoak bertaraino eramango gaitu...