Aspaldi izan zela esan nezake, aspaldi igarotako mendiak atzean utzita, aspaldi izandako azken abentura. Edo azken-aurrekoa behintzat, inoiz ez baitdakizu zein izango ote den azkena... baina Uzbekistanera joateko aukera hartu nuen. Gorputza eta batez ere burua lehertuta nituen. Azkeneko asteetan mendian gora eta behera ibili nintzen, eta hasierako helburuak gehiegizkoak zirela iruditu zitzaizkidan. Orain ordea, damu pixka batekin baina, aukerarik hoberena zela jakin badakit.. Entrenatu barik eta bizikleta apenas ukitu barik ia 4.000 metroko mendatetan ibiltzea ez da oso ideia onena alegia. Baina egin, egin nuen, eta gaur ere errepikatuko nuke, birritan pentsatu beharrik gabe gainera.
Han, Osh herrian baina, aukeratu behar nuen... Kirgizistanetik Tayikistanera, hankak, birikiak eta batez ere burua han uztera, edo Uzbekistanera, galdutako helburuekin berriro ere lagun izatera eta nire buruarekin eroso sentitzera eramango nindukeen bideen barrena. Bigarren aukera argi eta garbi, nahiz eta begiz jota nuen lehenengoa. Eta asmatu nuen. Uzbekistango uga zeharkatu eta berehala konturatu nintzen ez nengoela uste bezain ahul, oraindik ere banuela gogoa eta sasoia. Eta bnenetan gogoak zirela, gehienbat, faltan nituenak. Berriro ere bakarrik errepidean, berpiztu abenturak bizitzeko gogoa.
Mendate bakarra igaro behar izan nuen, igoera amaigabekoa baina. Eskerrak, halakoetan bezala, kamioilariei, gurekin erruki izaten dira eta kamioari nola edo hala helduta aldapan gora laguntzen digutenak. Beste bidaiari bi ere gurutzatu nituen, kamioari helduta, eta agurtu bezain pronto jabetu nintzen ideia bat eman niela ezezagun pare horri ere. Laster beraiek ere seguruenik kamioi baten lotuko ziren. Aurpegian ikusi nien!
Azkenik, Taxkent hirira ailegatu nintzen, setazko bidean geldialdia izaten zena eta oraindik ere badena. Baina hiriak hiri, nahiz eta hauxe, hiriburua izateko, nahiko gogoko izan nuen.
Samarkanda gertu zegoen. Gertuegi. Eta nire ametsetan beti izan dut hura ezagutzeko gogoa. Ez nuen galduko honezkero. Eta nahiz eta hegaldia hartuta dudan, eta egun bakar batzuk ditudan, hantxe igaroko nituen nire oporraldiaren azkeneko egunak. Eta aukera gehiago aprobetxatzeko, trena hartu eta han agertu naiz oso ordu gutxitan. Eroso gainera, benetako turistak bezala! Eta gutxitan gozatzen diren plazerak bezala, ondo baino hobeto probestu nuen.
Samarkandan ikusitakoa... Zuek ikusi ahal duzue, irudiotan. Oraindik ere, ezin azaldu bertan ikusi nuena, eta batez ere, sentitu nuena. Aukera baduzue behintzat, ez galdu Samarkanda eta bere mosaiko apainduetaz...