Bangladesh atzean utzi dut. Pena handiz egia esateko, baina beste alde batetik ere, errepide zoro hauek atzean uzteak ematen duen lasaitasunarekin. Benetan arriskua gertutik ikusi dudala errepide hauetan. Abiadura bizian gidatzen dute, eta handienaren indarra erabiltzen dute. Gu txirrindulariak izanik, beti ahulenak ere bagara, eta beti errepidetik atera behar gara aurreratzen doazen autobusei, kamioiei eta autoei lekua uzteko. Eta nahiz eta gaizki esaka aritu eta keinuka, berdin zaie, horrela gidatzen baitute hemen.
Dhaka hiriburutik Chandra, Tangail, Bogra, Rangpur, Panchagarh, Salbahan... inoiz entzun gabeko hiri eta herrietatik igaro ditugu lasai, zuloz betetako porlanezko errepidetik eta porlanik gabeko bidexketan. Bangladesheko iparraldeko aldea txiroa da, oso. Agerikoa da. Janzkera, buztinezko etxeak, autorik ez, eta emakumeak zein gizonak lanean, arroz baratzetan gehienak, baina harrobietan edota errekatik area ateratzen ere. Etxean gasa ez dute kozinatzeko, eta lehortutako behi kakaz eta lastoz egindako opil formako nahaspilarekin moldatzen dira.
Kalean ere egoten dira, ilunabar aldera, sua piztuta dagoen lekuen inguruan. Eta zabortegiak. Nonahi, errepideen ondoan gehienetan, kiratsa eta kea dariela gau eta egunez. Gogorra da hemengo bizimodua gero!
Hemen jende arteko nahasketa ikusten da eta Bangladeshen musulmanak gehiengoa den arren, inguru honetan Bangladesheko hinduak ere ikusi ditut. Eta aurpegiak ere desberdinak dira. Manipur, eta Assam inguruan topatu nituenen antzekoak. Azal kolorea, begiak, ilea.... dena da ezberdin.
Bidean ere aurkitu ditugu lagun berriak, eta eraman gaituzte herrietan ingurua ezagutzen. Egia esateko, ez dago turistak erakarriko duen ezer inguruan, baina beraiek ezagutarazi nahi dute herrialdea, eta daukaten apurra. Beti galdetzen dute ia zer iruditu zaigun herrialdea. Eta kontatzeko kanpoan atseginak direla, etortzeko herrialde ezagutzera.
Eta azkenik mugara ailegatu gara. Bangladesheko KM0, Indiako muga baino lehenago topatuko duzuna. Mugan, betiko komediak... bizikletak, alforjak... miaketa baino kuxkuxean ibiltzen dira. Zertarako da hau, bestea, horrenbeste xaboia, zertarako?, Hau da sukaldea?... eta horrela ibili behar gara, jatorrarenak egiten, muga zeharkatzeko itzelezko presa dugunean. Izan ere, miaketa behin eta berriro, check-point guztietan ematen da eta.
Oraingo honetan baina, herrialdea uzteko orduan, eta behin zigiluak jarrita geneuzkala, sorpresa. Mugan bertan dagoen bankutik pasatu behar da herrialdea uzteko tasa ordaintzeko. 500 taka pertsonako, gehi 50 taka leku horretatik pasatu hala izateko. Ez genuen horrenbeste diru gainean, eta alde batetik bestera pasatu gaituzte. Geuk ezetz, ez genuela horrenbeste.... azkenik, erdia kobratu digute eta sobratu zaigunarekin azkeneko erosketak egin ahal izan ditugu eta Indiara pasatu gara, Siliguri herrira.
Eta trafikoa lasaiagoa eta isilagoa iruditu zait. Ez imajina dezakezuen bezain lasaia eta isila, baina natorren lekutik etorrita, hobekuntza txikiena ere eskertu dut. Kaleak ere hobeak. Eta Indiako beste aldean ez bezala, hemen jendea jatorra, atsegina, eta ez dira hurbiltzen guztiz inguratu arte! Hau miraria! Bake santua dugu!
Baina Bangladesh faltan botako dut... gustatu zait, bere kontraste eta kontraesan guztiekin ere. Nahiz eta uste dut ez naizela berriro ere joango bertara, nonbaitetik norabait joateko ezpada.
Bangladeshen egindako ibilbidea!
Hemendik aurrera... auskalo!!!