Txiribuelta.eus

Thailandian winter is coming!

Thailandian egunak bata bestearen atzetik joan zaizkit, eta ez dut denbora, inspirazioa, gogoak… izan idazteko, eta konturatu orduko Mae Sot herrian agertu naiz, Myanmarrera salto egiteko azkeneko herrian!

Thailandiara Kanbodiatik sartu ginen Marta eta biok (Siem Reap-en elkartu ginen) eta nik behintzat beste gauza bat espero nuen. Askotan buruan izaten ditugun irudiak, klixeak edota estereotipoak ez datoz bat gerora bizi izaten dugunarekin…. Eta urruneko herrialdeetan ugaria da sentsazio hori.

Thailandiak ez nau bereziki txunditu, ez nau kolpatu beste herrialde batzuk egin izan duten bezala.Thailandiak Laosen, jende atsegina, zikinkeria, mendiak.... Txinan distantzia ikaragarriak, umiltasuna, oihuak..., Kanbodian pobrezia, jendearen agurrak... Baina Thailandia, igual natorren tokietatik natorrelako, oso aurreratua iruditu zait, eta ez bakarrik bide guztiak asfaltatuta daudelako, baizik eta oro har, nahiko maila altua dutelako, gugandik antzekotasun handiagoa dutelako edota “hiritarragoak direlako”... edo batek daki!.

Baina ez nazazue gaizki ulertu... herrialdea polita da, eta jendea ere polita! Agurtu eta irribarre egin, eta berehala erantzungo dizute era berean. Atseginak dira, baina normalean zuk eman behar duzu lehenengo pausua. Motorrak baldin badaude ere, herrialde honetan autoak nagusitzen dira. Auto ikaragarri handiak eta berriak. Umeak eskolara eramaten dituzte autoz edo autobusez, mendebaldeko herrialdeetan egin ohi izan dugun bezalaxe. Kalean janzkera, dendak, ospitaleak, dena da gurearen antzerakoa. Gauza bakar batek gogorara araziko dizu etengabean Thailandian zaudela: erregearen irudiak et tenpluak.
Erregearen irudiak leku guzti-guztietan daude. Aurreko erregearena (benetan asko maite dutena oraindik) eta gaur egungoa (ez da horren maitatua, ez!) leku, bazter, etxe, gasolina-zerbitzugune, jatetxe, hostel.... noranahi begiratu, eta hantxe agertuko da. Bera eta bere emaztea, bere izeba.... guztiak argazki erraldoietan irudikatuak gehienetan.

Erregea eta tenpluak. Josita dago, leku guztietan daude hauek ere, bertan monjeak bizi izan ohi dira. Monjeak orokorrean jatorrak dira, eta tenpluetan beti dago ingeles apur bat hitz egiten duena ere.

Hemen parke natural asko daude, garestiak dira. Pare bat zeharkatu nahi genituen ordaindu barik jakina. Bideak topatu, basoak zeharkatu, eta listo! Barruan!... baina gure bila etorri eta ordainarazi izan digute sarrerako 400 bat (bertakoentzako 40 bat besterik ez dira). Eta egia esan, ez du prezio hori ordaintzeak merezi izan. Basoa bai, natur erreserba ere bai, baina animalia askorik ez eta asteburua izanik milaka pertsona kanpinean, barbakoak egiten. Kanpin denda txikiak, handiak... baina denak argiz apainduak, sarreran barbakoa egiteko tramankuluekin... eta horrela pasatzen dute asteburua, lagun artean edota familian, kanpinean. Baina jende gehiegi nire gusturako.

Bangkok ospetsuan ere egun batzuk igaro ditut, Chinatown eta Little India bisitatzen eta motxileroen kaleak. Izatez Bangkok ospetsua da sexua eta drogengatik gehienbat. Baina nik ez dut halakorik bizi. Ladyboy asko daude, bai, eta askotan sexuak bereiztea benetan zaila egiten den arren (zinez!), ni ibilitako guneetan ez dut ikusi ez drogarik ez prostituziorik (ez gehiegi behintzat). Mota horretako turistak bai ikusi ditut, gehiegi nire ustez, gaupasaz hostelera bueltatzen, edota ustez bertakoak diren neskekin lagunduta... eta gizon nagusiak gazte-gazteekin. Baina ez dut oso gustuko hori ikustea bera. Jakin badakit, eta hitz egin dut horren inguruan, mentalitateak eta mentalitateak daudela, baina akaso helduegia izango naiz, baina gorrotatzen dut halako turismo mota.

Tenplu asko bisitatu izan ditut ere, Ayutthaya horien artean. Baina argazki on askorik ezin izan dut atera, ia Thailandia osoan bezala. Kameraren objetibo bat izorratu zait eta hiriburuan utzi behar izan dut. Gaur bertan autobusez bueltatuko naiz bila eta argazkiak egiten jarraitu ahal izango dut! Azkenik!

Hoberena, tenplu baten bizi izandakoa. Horietara jo dugu lo egiteko lekuen bila askotan. Doan eta seguruak dira, dutxa ona dute (beste egin baten kontatu beharko dut dutxa motena) eta janaria ere inoiz ematen dute. Tenplu baten sartu eta monjeak kanpin dendetan lo egiten zeuden. Nolabaiteko topaketa zuten, urtero astebetez egiten dutena,eta guri ere beraien artean leku bat utzi ziguten. Hurrengo goizean, “meza” ikustera gelditu ginen, eta hara! Egun berezia zen.... goizeko 6etatik parrillada egiten ari ziren, eta meza ostean.... Ah zer nolako gosaria!!!!! Txerriki errea, fruta, arroza, kafea, budin moduko bat, jogurta, esnea.... ahal beste jan, soberak gorde egunean zehar jateko, eta ateratzen ari ginela harrera egin digun monjea deika.... kafe pakete erraldoi bat biderako ematen!
Esan beharra dago ere hori dena herritarrengandik ofrenda gisa jasotzen dutela. Uste izaten da monjeek ez dutela ezer, gainean eramaten duten arropa eta janaria eskatzeko “tuper” moduko bat izan ezik... baina ez dira bat ere gaizki bizi, eta telefono onak dituzte, eta gauez hor ibiltzen dira serieak eta futbola ikusten!

Eta hurrengo egunean, afaltzen, bizikletaz hitz egiteko lagun bat hurbildu zaigu. Jatorra, jakin nahi zuen bidaiaren berri, eta hainbatetan “Wellcome to Thailand” esan ostean, alde egin du. Baina termoa mahaiaren gainean utzita. Minutu batzuetara agertu da bila, eta bueltatu diogu. Jarraitu dugu hizketan, eta bere etxera eraman gaitu azkenik lo egitera. Arroza ekoizten erakusteko nolabaiteko eskola du, nahiz eta bera ingeniaria den, eta ingelesa praktikatu nahi zuen lotara joan aurretik. Norekin eta nirekin! Gixajoa!

 Eta azkeneko bitxikeria bat.... neguak harrapatu gaitu bete betean! Astebete irauten duen negua, alegia. Euririk ez, haize boladak soilik. Eta tenperatura 14 gradu gutxienekoa eta gehienez 29 gradu.... hauxe da negua, Euskal Herrian dugunaren antzerakoa!!!! Ordu pare bat barru, 8 orduz sartuko naiz autobus baten Bangkokeraino.... Eta bueltan Myanmar izango dut zain!

AH! eta lehenengo 4.000 kilometroak gainditu ditut jada! Yujuuuuu!!!!

Thailandian egindako ibilbidea!

Hemendik aurrera... auskalo!!!